Un article sur les différents noms des mois en langue basque et leur signification
Euskaldunok hilak izendatzeko hainbat era erabili izan dugu urteetan zehar: nekazaritza inguruko izenak, eguraldiari eta sinismenei loturikoak, ... Horren ondorioz izen ugari sortu ditugu, nahiz eta gaur egun batzuk soilik erabiltzen diren. Hil bakoitza espainieraz (Es), frantzieraz(Fr), ingeleraz (In) eta alemanieraz (Al) aurkituko dituzu lehenengo, eta ondoren euskal izenak azalpenekin. Euskaltzaindiak erabiltzen duen idazkera eta hemengoa ez dira berdinak. Guk hasieran H hizkia erabiltzen dugu hitzaren jatorriak H duenean, adibidez: Hazi > Hazi-aro > Hazaro. Gainera, kontutan hartu antzinako euskaldunon egutegia eta oraingoa ezberdinak zirenez, hemengo hitz batzuk gaur egungo bi hil ezberdinetarako balio dutela, Euskal Herriko gune batean baterako, eta bestean besterako. Hori da, adibidez, garagarrilarekin gertatzen dena.
1. (Es: Enero; Fr: Janvier; In: January; Al: Januar)
Urtarrila: Batzuen ustez urak igotzeko garaia, urtar-hila. Beste zenbaiten aburuz, urtearen hila, urtea gaur-egun hil honekin hasten baita.
Urtatsila: Urte hasieraren hila.
Urteila: Izotza urtzen den aroa, urte hila. Edo agian, urte berriari dagokio hau ere.
Urteberrila: Urte hasieraren, hau da, urte berriaren hila.
Loila: Lo egiteko hila izanen da, hartzak... ere inguru honetan egoten direlako lozorroan.
Beltzila: Izenak berak dio, hil beltza. Izan ere, neguko hila dugu honakoa.
Hilbeltza: Aurrekoaren aldaera da.
Hilzuria: Neguko hilak, batetik, beltzak dira. Baina bestetik, izotzari eta elurrari begiratuz, zuriak.
Izotzila: Hau ere neguko hotzaren islada dugu.
2. (Es: Febrero; Fr: Février; In: February; Al: Februar)
Otsaila: Batzuen ustez otsoak menditik jaisten diren hila da. Beste zenbaitek, ordea, hotzarekin lotzen du: hotz-hila. Lehengo ustearen alde egingo nuke nik.
Barandaila / Barantaila: Jatorri ia ezezagunekoa da hitz hau, baina zenbaiten ustez Berant-hila adierazten du, antzina, urtea epailean hasten zenean, honakoa azken hila zelako.
Zezeila: Zezenaren hila da honakoa.
Hiltxikia: Hilik motzena da otsaila, eta izen honek argi uzten du hori.
3. (Es: Marzo; Fr: Mars; In: March; Al: März)
Epaila: Euskalarien aburuz epaitzeko (ebagi=moztu) hila, nekazaritzari loturiko izena.
Martxoa: Hitz latindarraren euskarazko moldaera= Martius>Martxo.
Martia: Batez ere iparraldean erabili ohi den hitza, hau ere latinezko hitzaren moldaera= Martius>Marti. Martitz/Marte jainkoaren omenezko izena da.
4. (Es: Abril; Fr: Avril; In: April; Al: April)
Jorraila: Jorratzeko hila, zalantza izpirik gabe.
Apirila: Latinerazko aprilis hitzetik etor liteke, baina xelebrea da hitz latindarrean 'IL' osagaia agertzea. Euskaratik latinera iraganiko hitz bat agian? Loreen zabaltzea adierazi nahi omen du (aperire).
Abereila: Zenbaitzuk diote Apirilaren moldaera soilik dela, mailegu latindarra. Dena den, nork esan dezake ABEREEN HILA esanahia ez duenik?
Opea: Inguru honetan eman ohi ziren opeak edo opariak, eta hau izango da jatorria.
Opaila: Ope+hila, agorra eta agorrila dauden bezalatsu.
5. (Es: Mayo; Fr: Mai; In: May; Al: Mai)
Horrila: Horrien hila ei da, eta berdina diote beste izen ugariek ere.
Hostoila: Hosto edo horrien hila, alajaina.
Hostaroa: Hila, aroa, ... Gauza bera da.
Maiatza: Zalantza eragin dezakeen hitza. Latinezko hitzetik datorke, baina amaiera horrek ez du baieztatzeko erraztasunik ematen. Maia/maju... izaki jainkozkoetatik etor daiteke, eta maia/maju latineratik omen datoz. Josu Naberanen hitzetan litekeena da "ama-ijo-atse"tik etortzea. Honen esanahia erreka-buruetara jotzeko aroa da, bertan hazten baita garai honetan gozoen bedatsea.
Loraila: Latinezko florea=lorea/lora hitza baliatuz, loreen hila adierazten du izenak.
6. (Es: Junio; Fr: Juin; In: June; Al: Juni)
Ekaina / Ekhaina: Iparraldetik datorren izena da EKHAINA. Ek(h)ia, eguzkia, gain-gainean egon ohi baita hil honetan.
Bagila: Baliteke bage-hila izatea, agorrilaren antzerako esanahiarekin, edo ebagitzeko hiletik etorriko da agian= Ebagi hila>Bagila.
Garagarrila: Garagarraren hila, nekazaritza berriro.
Ereinaroa: Ereiteko aroa.
Errearoa: Eguzkiak sutsuki berotzen duelako, hala udako solstizioko Donibane suengatik?
Udaila: Uda hil honetan hasten da, ez da hala?
Arramaiatza: Arramaiatza, erremaiatza,... Zuberoa inguruan erabiltzen dute, eta "maiatz" hilaren izenetik omen dator.
7. (Es: Julio; Fr: Juillet; In: July; Al: Juli)
Uztaila: Uzta jasotzeko hila.
Garila: Gariaren hila.
Garagarrila: Garagarraren hila Bizkaian. Hemen dugu hasieran aipaturiko bi adieradun izenen kasu garbia.
8. (Es: Agosto; Fr: Août; In: August; Al: August)
Agorra: Hil agorra baita benetan.
Agorrila: Aurrekoa "hila" gehituta.
Abuztua: Eguzki-egutegira egokitzeko izan zituzten zailtasunetan, bi hilabete gehitu zituzten erromatarrek: Julius eta Augustus Zesarren izenak. Ondoren, akats larri bati bide emanez, September (Zazpigarren hila zena), October (8.a), November (9.a) eta hamargarrena izan behar zuen December etorri ziren. Euskaldunok Augustus>Abuztu sortu genuen.
Udagoenila: Udaren amaiera edo une gorena dakarren hila.
Dagonila: Udagoenilaren laburtzea ala Dagoen hila? Kontrajarria dirudi azken honek, izan ere AGORRA da hil hau benetan.
Dilistaroa / Tilistaroa: Dilisten, tilisten (lentejak, alajaina) aroa.
9. (Es: Septiembre; Fr: Septembre; In: September; Al: September)
Iraila: Iratzearen hila. Beste zenbaitentzat irakoitza hitzak daukan IRA osagaia du= Hurrengo edo Azken hila. Uste honen bultzatzaileek diote urtea irailean amaitu eta hurrilean hasten zela berriro. Buruhil izenak baiezta dezake uste hau.
Garoila: Garoaren hila=Iratzearen hila.
Buruila: Baldin lehen esan bezala honakoa azken hila edo buru-hila bazen...
Agorra: Berriro esanahi biko hitz bat. Izan ere, oso zaila izan zen euskaldunon egutegia arau eta neurri zorrotz eta zehatz horietara egokitzea. Ez ahaztu euskaldunok hilargi-egutegia erabiltzen genuela, eta eguzki-egutegira egokitu beharra zegoela.
Setemera: Latinezko september hitzetik eratorria.
10. (Es: Octubre; Fr: Octobre; In: October; Al: Oktober)
Hurrila: Ziurrenik hurren hila. Beste hipotesia honakoa da: urritasunaren hila. Baina, hil honi biltze-hila ere deitzen bazaio, ze zentzu du ideia honek?
Hurria: Aurrekoaren moldaera.
Hurrieta: Aurrekoaren moldaera.
Biltzila / Bildila: Fruituak biltzeko hila.
Lastahila: Udazkenean gaude, eta lastoaren hila izena lojikoa da.
11. (Es: Noviembre; Fr: Novembre; In: November; Al: November)
Hazaroa: Hazien aroa da honako hau.
Hazila: Hazien hila.
Zemendia: Jada erdi-galdurik dagoen hitz hau latinezko sementis (ongarri) hitzetik dator= Sementis>Zemendil>Zemendi.
Lastahila: Lasto hila honakoa ere.
Gorotzila: Zemendia bezala, ongarriaren, hots, gorotzaren hila.
Lehen-abendua: Lehen hotzak hemen hasten dira, nahiz eta neguak hasiera abenduan izan.
Abendu-txikerra: Abendu txiki bat baita, hotza, gutxixeago, baina egiten du.
12. (Es: Diciembre; Fr: Décembre; In: December; Al: Dezember)
Gabonila: Gabon gaua hil honetan ospatzen da Euskal Herriko etxeetan.
Abendua: Latinezko adventus hitzetik, esanahi kristaua duen hitza omen= Adventus>Abendu.
Lotazila: Lore-hazien hila. Lorea hitza ere, lehen esan bezala, latinetik dator.
Loila: Urtarrilean ere azaldu dugu.
Neguila: Neguaren hasiera hil honetan dago.
Beltzila: Urtarrilean ere azaldu dugu.
Bigarren-abendua: Hazaroa lehen-abendua bada, honakoa bigarrena, hotz gehiagorekin, jakina.
Hotzaroa: Ez du azalpen beharrik.